Atxilotu eta bederatzi egunera hil zen, torturaren ondorioz, Joxe Arregi asteasuarra, atzo 36 urte. Harekin atxiloaldian izanikoek ekarri zuten kalera bere testigantza, eta hala heldu da guganaino: “Oso latza izan da”. Ordutik, tamalez, bati baino gehiagori entzun edo irakurri diot antzekorik, oso latza izan da. 5.600dik gora dira azken 50 urteetan torturatuak, Euskal Memoriaren ikerketen arabera. Latza da zifra.
Gatazka armatuaren ostean jauzi zaigu gainera kontakizunaren gatazka. Sutilagoa da, oharkabekoa, baina eraginkorra dudik gabe. Eta disimulurik agertu dute hori askok, diotenean, adibidez, ETAren porrot kulturala dutela helburu, edo bestela esanda, diskurtso bat nagusitu behar zaiola besteari. Bat eta bakarra. Ez kontakizun bat, baizik eta KONTAKIZUNA. Letra larriz. Kalabozoetan gertatua islatzen ez duen hori.
Herri oso batek mende erdiz bizitako alderdi guztiak kontakizun bakar batean biltzea arriskutsua da berez, berdin du zein den kontakizuna. Hainbat eta hainbat ezkutuan geratzea ekar lezake horrek. Eta herri baten historiak ezin du 5.600 torturatu ilunpean geratzea onartu. Latza litzateke hori.