Ezagutarazi

Erabiltzailearen aurpegia Ander Perez 2017ko ots. 7a, 12:47

Aurrematrikulazio kanpainaren atarian egin dugu topo hainbat anonimok Erriberako zenbait herritan banatutako eskuorriekin. Lotsagabe nahastu dituzte hangoak eta hemengoak, datuak okertu eta gezurrak egitzat eman. Xedea bat, eta bakarra: D ereduaren aurka egitea. Berriro diot, aurrematrikulazio kanpainaren atarian.

Hasi azken inkesta soziolinguistikoak euskararen kontrakotasunari jarritako markagatik eta segi D ereduaren aurkako mezu zaparradarekin, eta etsigarria suertatuko zaizu egoera. Ezin baitu norberak, euskararen zoragarrian bizi, lan eta gozatzen duenak, horrenbesteko gorrotorik ulertu.

Euskararen lege ankerrak ezarritako eremu mistora pasatzea eskatu dute eremu ez euskalduneko hamabi herrik. Eta bada ifrentzuaren aurkia baino gehiago, bada egoeraren kontsolamendu baino gehiago: nondik jo azaltzen digu. Zeren eta litekeena da herri horiek, eremu ez euskaldunean egonagatik, euskararekin harremana eduki izana, izan txikienak gertueneko ikastolara eramanez, izan ondoko herri mistoko eskaintzengatik. Erakargarritasuna da gakoa, eta datuek berresten dute: ez dago eremu ez euskaldunera pasatzea eskatu duen herririk. Ezagutzen duenak gustuko du. Ezagutarazi dezagun, beraz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!