Europa ahopeka

Erabiltzailearen aurpegia Ander Perez 2017ko urt. 31a, 12:48

Pertsona bat, andre bat demagun, hiri bateko eraikin bateko zortzigarren pisuan, leiho hegian zintzilik, buruz behera jauzi egiteko imintziotan. Ezaxola igaro dira pasianteak haren azpitik, eta ezezko erantzuna jaso du batek, suhiltzaileei dei egitea otu zaionean: “Bah...suizidatu nahi badu, ez dago zereginik”.

Pertsona bat, gizon gazte bat demagun, pistola kanoi bati lotua, buruan burdina, eta tiro egiteko keinutan. Arduragabe begiratu dio polizia gizonak, “bah, suizidatu nahi badu...”.

Pateh Sabally Veneziako Kanal Handian, uretan hondoratzen, ito antzean, espantuka. Bota diote vaporettotik flotagailu parea, baina ez ditu hartu, edo ez ditu hartu nahi izan. Ehunka pertsona inguruan, turista gehienak. Irainak eta komentarioak. Ez dago uretara salto egin duenik. Poliziaren bertsioak sosegatuko zituen gerora: “Bah...suizidatu nahi izan badu..”.

x Zabaldu dute suhiltzaileek koltxoneta handia zortzigarren pisuaren azpian, eta murmurioka ari zaio psikologoa gazte pistoladunari. Ur azpian datza Sabally bitartean. Performance tragikoa bihurtu da berea: etorkin bat, Mediterraneoko txoko batean itota, europar dirudunen begirada ezaxolek inguratuta. Ahopeka ari da Europa itsasoari begira: “bah..hil nahi badute...”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!