Gordo

Erabiltzailearen aurpegia Ander Perez 2017ko urt. 24a, 12:52

G-O-R-D-O letra beltzez, fondo zuri gorriaren gainean. Gordo, hitz bakarrean. Eta denei gogora Jose Manuel Prenda, sanferminetako talde bortxaketaren harira auzipetuetako bat. Sadarren izan da, asteburu honetan bertan: ustezko bortxatzaile baten izena goratu dute Sevillako zale batzuek, eta garaipena hari eskaini gero, sare sozialetan. Irmo gaitzetsi dute nafar instituzioek pankarta, eta neurriak har daitezela eskatu. Sevilla taldeko presidenteak, ordea, erridikulizatu du salaketa, eta fribolizatu du gertakaria bera: jar ziteekela Canijo, Gordo dagoen tokian. Javier Tebas ligako presidenteak, bestalde, ez duela pankartarik ikusi, edo ez duela ikusi nahi izan.

G-O-R-D-O letra beltzez, Gordo, hitz bakarra pankarta batean. Hitz bakar bat, eta halere, ez du gauza bera ulertu batak eta besteak. Eraso sexistaren apologiaren aurka asaldatu da hiri oso bat hitz batengatik; barre egin du beste aldeak. Hitz beraren bueltan, pedagogiak, kontzientziazioak eta urteetako lanak darama balantza hemen alde batera. Mugimendu feminista buru, geroz eta zailagoa da gurean eraso sexistak goratzea, are egitea.

Lerro hauek idazten ari naizela egin dit txio batek salto begitartera: 22 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekidea jotzeagatik. Laister errepikatuko da titular antzekoa, tamalez. Hemen ere, partida ez dago irabazita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!