601 euro. Ez da hainbeste diru-kopura, zergatia baizik. Espainiako Gobernuak Argia aldizkariko Axier Lopez kazetaria zigortu du, informatzeagatik. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariak izenpetu du salaketa, eta argitu du, pasa den martxoaren 3an Eibarren izandako Naroa Ariznabarreta gaztearen atxiloketaren berri emateagatik dela zigorra. Zehazki, atxiloketa unearen argazkiak sareratzeagatik, Twitterren. Mozal Legea da zigorraren erantzule.
Kazetariak jasotako salaketan bada esaldi gako bat. Baimenik gabe egin zituen argazkiak Axier Lopezek, poliziaren baimenik gabe. Eta horrek asko esaten du. Esaten du, edo iradoki, kazetari batek injustizia bat salatzeko injustiziaren egilearen baimena beharko lukeela. Esan lezake, edo iradoki, eraso sexista baten berri emateko erasotzailearen baimena beharko lukeela. Esan lezake edo iradoki Spotlight kasua argitara eman zuten kazetariek sexu erasoen erantzule ziren apaizen baimena beharko luketela, munduari azaltzeko errealitate hutsa dena. Esaten du, azken batean, kazetaria kazetari ez, mezulari beharko lukeela izan, gobernuaren mezulari, esan dezakeena esan eta esan ezin duena isiltzeko. Aldrebesa eta zentzugabea delako da injustua mozal legea. Eta salatu beharko da, eta borrokatu, eta geldiarazi. Baina bitartean, indarrean dagoen bitartean, ez da hain txarra kazetari bat, edo asko, salatuak izatea. Bada zerbaiten seinale. Bada kazetaritza librerik.