Linguizidak

Erabiltzailearen aurpegia Ander Perez 2016ko mar. 17a, 11:53

Linguizida. Kasualidadez entzun dut, kotxe barruko irrati sesio aski pasibo horietako batean. Dario Villanueva, nonbait RAE Espainiako Erret Akademiako zuzendariak ingelesari leporatu dio hizkuntza “linguizida” izatea, Ipar Amerikako bere hedapenean jatorrizko hainbat hizkuntza desagertarazi dituelako. Ez nau harritu izenondoak, izenondo horren igorlea nor izan den baizik. Eta desiatu dut entzule aktiboagoren baten deia, zuzenean galdetzeko Villanueva jaunari, ea gaztelania ere hizkuntz linguizida ez ote den, neurri berean. Esateko, adibidez, ehunka direla gaztelerak mendeetan mendean hartutako lurraldeetan gutxitutako hizkuntzak. Esateko, azken batean, ehunka izan direla desagerrarazitakoak, gaztelaniaren inposizioa medio.

Ez da halako deirik izan. Eta Villanuevak, nonbait zuzentasun politikoaren mesedetan, ñabardura egin du, kontua ez dela hizkuntzen artean talkaka ibiltzea, denak direla desiragarri, denak eder. Aski ezaguna egin zait erretolika, aski ohikoa denez gurean besteari leporatzea norberak egindakoa. Zenbatetan entzun dugun gure artean, hizkuntz denak direla eder, denak desiragarri, baina arren, ez ditzagula politizatu, ez eta inposatu. Orduan ere desiatu dut entzuleren baten deia, galdetzeko ea non den euskararen inposizioa, hamazazpi haur eskoletik lau euskarazkoak dituen hirian. Ez da deirik izan, edo behintzat, ez du deirik erantzun nahi izan elkarrizketatuak. Hori ere ohikoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!