Oraindik hauteskundearen zurrunbiloan murgilduta eta Tafallako emaitzek ematen duten "subidoiarekin", datorren larunbatean (ekainak 6) inoiz baino ozenago ohiukatuko dugu: Euskaraz bizi nahi dugu!. Horixe da hain zuzen ere, Tafallako Udaleko Euskara Batzordeak Euskararen Egunaren X. urteurrena ospatzeko aukeratu duen leloa. 10 urte pasa dira lehen euskararen eguna ospatu zenetik, 7 euskara teknikari pasa dira euskara zerbitzutik, hamaika aldarrikapen eta desio bat, aurtengo kartelak bere baitan jaso duena: "Euskaraz bizi nahi dut". Ekainaren 6an, larunbata, Tafallako euskaldunak eta hiri honetara hurbildu nahi duten guztiak (haurrak, gazteak, familiak, helduak..) bere gustuko zerbait aurkituko dute Tafallako kaleetan: dantzariak eta erraldoiak, euskal pintxoa dastatzeko aukera Plazeta inguruko tabernetan, kale animazioa, TRIKIDANTZ TALDEA, XAMARIKO txokoak, musika, giro ederra eta dena euskaraz.
Eguerdiko 12:00etan Miserikordia kalean plaka bat jarriko da Joan de Amendux Garro iruindar gaztearen oroimenez. 1567an preso izan zuten Tafallan sei hilabetez. Gure herrian zela, testu poetiko batean deskribatu zituen bere atsekabeak eta saminak, euskaraz. Euskara Batzordeak omenaldi txiki bat egin nahi dio. Ondoren 13:00a aldera, Tafallako Udaletxeko Osoko Bilkura aretoan ekitaldi ofiziala egingo da Udaleko alderdi guztietako ordezkariekin eta hurbildu nahi duten herritar guztiekin. Bertan Tafallako Euskara Zerbitzutik pasa diren euskara teknikari guztiei omenaldia egingo zaie: Izaskun Samaniego, Olatz Zabaleta, Josune Ortiz, Ana Flamarique, Usoa Wyssenbach, Ainhoa Fernandez eta Miren Munarriz. Hauekin batera eta hilabetero hilebetero biltzen den Euskara Batzordearen lana azpimarratu nahi da.
Ekitaldi ofizialean ere Haurren Marrazki Lehiaketako irabazleei opari ederrak banatuko zaizkie: Sendaviva, Artamendia, IrriSarri Land parkeetako sarrerak, Cristina Ullate hipikan paseoak, Tafallako paper dendetan gastatzeko erosketa-txartelak, eta abar. Baigorri abesbatzak girotuko du ekitaldia.
Ekitaldia amaituta, kalera aterako gara bazkari herrikoia antolatua baitago Arkakusoen Plazatxoan. mahaien inguruan bazkaldu, gozatu, abestu, dantzatu TRIKIDANTZ TALDEAren konpainian. Bitartean haurrak eta gazteak gozatuko dute XAMARIKOrekin, Nafarroa plazan.
Bukatzeko, arratsalde gau partean TRIKIDANTZ TALDEArekin lehertu arte dantzatuko dugu, egunari amaiera polita emateko: Larraindantza.
Tafallara hurbilduko zareten guztiok ongi etorri zabal batekin hartuko zaituztegu eta esan ere esango dizuegu "Euskaraz bizi nahi dugu"
Tafallako Udaleko Euskara Zerbitzua