Italiako Giroa hasi den honetan, maiz gogoratzen naiz Arraizatik Belaskoaingo bidean egindako bizikleta bueltekin. Garai hau aparta da, soroak itsutzeko moduko koloreekin, eta gereziondoak lehertzeko zorian. Ibili nintzen azken aldian, joan den astean, oraindik ez zen gorrixkarik ikusten, baina hortxe-hortxe ibiliko dira. Maiatzeko nire plazer handienetako bat da: bide bazterrean bizikleta utzi, eta zuzenean arbolatik gerezi batzuk lapurtzea. Giroko gerra ondoko lasterketaren bat etortzen zait gogora beti, garai hura non txirrindulariek beraiek konpontzen zituzten zulaketak, eta edozein txakalaldia aprobetxatzen zuten bide bazterreko etxeetan sartu, ura eskatu eta, aukeran, mokaduren bat ahoratzeko. Etxauri inguruko bideberriek horixe dute, batez ere maiatzetik aurrera: trafiko gutxi, natura borborka eta gari soroetako sinfonia lokarazlea: txitxarrak, kilkerrak eta sorbeltzak. Giroko Toscana, hemen.