Munduko katedral gehienak egin dira aurrekoak suntsitu ondoren. Munduko katedral gehienetan aprobetxatu dituzte tenplu zaharren harriak, eraikin are altuagoak, are zabalagoak, are ikusgarriagoak altxatzeko. Munduko katedral gehienak egin dituzte espoliatu, egin dituzte erre, egin dituzte ostu eta erasotu. Munduko katedral gehienak izan dira berreraikiak, zaharberrituak. Siracusan, Sizilian, bada salbuespen eder bat. Kanpoaldea greziarra da, absidea erromatarra, barrualdea normandiarra, eta klaustroa gotikoa. Harrigarria da, eta berezia, hainbat mendetan inork ez zuelako aurrekoen jainkoa laidotu edo iraindu edo eraitsi nahi izan, errespetuz begiratu eta haien jainkoa aurrekoen ondoan jarri nahi izan balute bezala. Esan izan balute bezala: bai, ez dut zurean sinesten, ez da nire jauna, ez da nire andrea, baina ulertzen dut zuk beste sinesmen bat eduki izana; orain, ordea, nire txanda da. Siracusako Duomoa, ederra da.