Aprobetxaturik atzo zebilen haizea, eta piszinan erruz botatzen duten kloroak azken aldi honetan ematen didan alergia, jarri dut ba bainujantzia, toalla eta gorroa garbitzen eta eskegi ditut etxearen barruko patioan, eguneroko gauzek eragiten didaten erlaxazioarekin, baina hain zorte txarrarekin, ezen haize bufada indartsu batek eskuetatik kendu eta dena gelditu baita soketan katramilatuta. Jasotzen hasi naiz baina ikusi dut, espantuz, bainujantzia sokatik zintzilik geratu dela, Alex Txikon Nanga Parbateko ertzetik nola, kranpoiak (barka, gakoak) airean saltatu baitira bigarren haize ufadarekin. Segitu dut are polikiago sokatik tiraka, eta jada eskura neukala uste nuenenean, ufa, elur jauziak (barkatu, haize bolada berri batek) sokatik askatuarazi eta hara joan da bainujantzia amildegitik (barkatu, patiotik) behera. Lehendabizi beheko pisuaren sokatan geratuko zela ematen bazuen ere, errebotatuta atera eta bigarren kanpamenduan (barkatu, pisuko balkoitxoan) pausatu dela ikusi dut. Kakazaharra. Horiekin ez naiz batere ondo moldatzen. Voxi boza emango diotela apustu egingo nuke. Piszinarik gabe geratuko naiz, zer erremedio. Uste dut himalayismoren epikak (barkatu, hauteskunde giroak) apur bat kutsatuta nagoela.