Egon zen garai bat, Euskaldunon Egunkarian, non Mikel Aramendi kazetariak bi astean behingo bere zutabea ohar berarekin amaitzen zuen beti: “XXX egun betetzen dituzte bahituta gaur Joxe Antonio Lasa Arostegi eta Jose Inazio Zabala Artanok. Baionako kale-bazter batetik eraman zituzten indarrez 1983ko urriaren 15etik 16rako gauean. Ez da haien berririk harez geroztik”. Hamabostean behingo zutabe guztiak, berdin amaitzen zituen Aramendik. 1995eko martxoaren 22an argitaratu zuen azkena, ‘4.176 egun’ izenburupean. Bezperan eman zuten hedabideek Lasa eta Zabalaren gorpuzkinen aurkikuntzaren berri. Aramendirekin oroitu nintzen joan den ostiralean, martxoaren 8ko manifestazioa amaitu eta berehala, Altsasuko jendea azken bi urteotako ostiral guztietan bezala, Udaletxe parean bildu, pankarta xume bat zabaldu eta 849 egun preso daramatzaten Altsasuko gazteen alde elkartu zenean. Azken bi urteotako ostiralero bezala. Ixilik edo kontu kontari aldamenekoarekin, lasai edo amorraturik, hotza zein euri, ostiralero, azken bi urteotan. Uda zein negu. Ostiralero.