“Eta zergatik Roma?”, galdetu dit lagunak. Ez zergatik eman dioten saria Cuaronen film ederrari, zeina ahozkotasunetik hain hurbil dagoen ematen baitu ez duela gidoirik, edo aktoreek ez dutela testurik ikasi behar izan, baina ez zen hori galdera, zergatik eman dioten Oscar saria Roma filmari, edo zergatik ez, ez baitu film onenaren saria jaso, beste hiru baizik, ez, galdera zen zergatik deitzen den Roma Mexikon girotutako lan hori, eta ez dut jakin zer erantzun. Gero begiratu dut pixka bat eta ikusi dut Mexikoko hiriburuko auzo bati hartu diola filmak izena, eta zergatik deitzen da Mexikoko hiriburuko auzo bat Roma? Ba, nonbait, han, Aztacalko izeneko herrixka aztekaren ondoan, errepide bat egin zelako zuhaitz askorekin, Italiako hiriburuko etorbidearen antza hartu ziotena, eta gero Mexikoko hiriburuaren barnean geratu zena. Aztacalko horren elizan inguruko gaizkileak sartzen ziren urkatuak izan baino lehenago, barkamena eskatzera. A, eta Aztacalko izenak “Lertxunen tokia” esan nahi omen du nahuatleraz.