Prentsarako idatzi eta prentsan argitaratu nuen lehen artikulua Argia aldizkarirako idatzi nuen, duela ia hogeita hamar urte. Jose Maria Satrustegiri elkarrizketa egitea proposatu zidaten, eta euskaltzainaren orduko aldarte iluna beti geratu zitzaidan gogoan: zer nolako nekea zekarren euskararen alde lan egiteak Nafarroan. Satrustegi aiurri biziko gizona zen, haserretu ere haserretu zitzaidan bere ustez galdera kritikoegiak egin nizkiolako, eta Argia “beti zorrotz, beti eztenka” zebilela kexatu zen. Elkarrizketa ez ematekotan egon zela esan zidan. Ez zitzaidan aurkezpen txartel txarra iruditu: “beti zorrotz, beti eztenka”. Larunbat honetan, aldizkariaren mendeurrena aitzakia, ‘Jatorrira bidaia’ izeneko egitaraua antolatu dute Argiazaleek, Iruñean barna ibilaldia, ginkana tematikoa eta oturuntza barne. Gustura ikusiko nuke Satrustegi tartean.