Zaldieroari entzun nion lehengoan irratian, Sopelako hondartzan agerturiko balea hilaren begiarekin egin litekeenari buruz hausnarrean. Ez dut errepikatuko esan zuena, nik baino askoz hobeto esango luke berak. Baina berretsi zidan egunerokotasunak sudur aurrean jartzen digun errealitatea irakurtzen dakiten pertsonak kualitate bereziaren jabe direla. Titular edo solasaldi ohikoen protagonistetatik harago dagoen joan etorria ikusten dute, antzematen dute korronte sakonetako mugimendua. Zebrabide batean oinezkoek duten jarrerak, edo udaberrian zirrikitu guztietatik sartzen diren feromonen eraginak, biek ala biek zerbait esaten digute gu guztiok behin eta berriro errepikatzen ditugun jarrerez. Eta, hala ere, ez dira egunkarietako azken orrialdetako txoko txikietara ere iristen. Balearen begi usteldua bezala: anekdota bat.