Esan didate mugan, ez hain urrun, jende beltzak esperoan ematen duela eguna, beste aldera gutako nork pasako zain. Haiek saiatzen dira lehendabizi, penintsula osoa zeharkatu ondoren. Iritsi da beltza, saiatu da Bidasoa izeneko ibai atsegin baten gaineko zubitik bere bideari jarraitzen eta agertu dira jendarmak. Atzera. Irun izeneko herrian elkartzen dira berriro. Badago jendea janaria eta arropa eramaten diena. Eta Bidasoa izeneko ibai inguruan ikusten dituztenean, hartu eta autoan Baionaraino eramaten dituzte. Beste batzuk, Bordeleraino. Esan didate ikaragarri eskertzen dutela. Telefonoak eskatzen dituztela, iritsi nahi duten tokira iristen direnean kasu egiteko. Deitzen dutela: “iritsi gara, eskerrik asko”, esateko. Amari esaten genion bezala urrun joaten ginenean: “iritsi gara, dena ondo”. Negua iritsi den honetan, jende asko ari da, isilean, etengabe, zubi txiki eta hurbil hori pasatzen laguntzen. Harrera herria egiten.