Urte berria benetan hasi dugula atzo ohartu nintzen, auzotik Iturrama Institutura doazen ikasleen bizikletetan argi berri horiek guztiak ikusi nituenean. Aurtengo opari izarra izan dela esango nuke: bizikletarako argia. Eta halako berritasun bat ekarri zuen berez aste hasiera gogorrak izan ohi dituen taldera. Gogorrak izaten baitira astelehenak nire auzoko ikasleentzat, goizean goiz broma txar bat egin izan baliete bezala; berritsuago dabiltza asteak aurrera egin ahala; algara batean ia ostiraletan, txanzak ugari. Bada, atzo ipurtargiak belar artetik nola agertu ziren Antsoleagatik, Eslavatik, Kale Berritik, San Migeletik. Plazan elkartu zirenean, gau giroko rally baten hasiera ematen zuen. Beharbada pilak aldatu zituzten besterik ez, beharbada kasualitate hutsa izan zen, baina urte berriari ongi etorria egiteko modu polita iruditu zitzaidan: halako aldarrikapen bat edo.