Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak salatu du Ciudadanos eta Vox alderdi eskuindarrek datorren igandean Altsasun egin nahi duten ekitaldi politikoa, herriaren irudia erabili eta manipulatzeko asmo agerikoa dela eta, eta ados nago. Eta ados nago ere Parlamentuaren gehiengoak txalotzen duenean herriak izan duen jarrera eredugarria azken bi urte hauetan. Indar eta kohesio handia ekarri du jarrera horrek. Baina ez dakit zer gertatuko den igandean. Badakit altsasuarren arean iritzi ezberdinak daudela eta ahalegin handia egin dela iritzi horiek guztiak batu eta erantzun adostua emateko probokazioaren aurrean, baina ez dakit zer gertatuko den. Dakidana da kezka handia dagoela, iritsiko direnen artean pistoladunak daudelako. Horregatik, uste dut udalari eta Nafarroako Gobernuari exijitu beharko litzaiekeela neurri guztiak har ditzatela igandean altsasuarrak babesteko. Hori baita, une honetan, kezka nagusia: altsasuarrak babestu.