Atzo Oriora joateko prestatu nintzen. Bernardo Atxaga eta Oskar Alegria hitzaldia ematekoak ziren titulu iradokigarri batekin: “Oteizarekin batetik bestera”, eta goizean fantasiatzen ibili nintzen gaiari nondik helduko zioten. Berehala irudikatu nuen “batetik bestera” horrek tximeletez aritzeko parada emango ziela. Oskar Alegria hasiko zen, tximeleta izenen inguruan ikerketa zabala egiten ari baita Euskal Herrian zehar, etxez etxekoa ia, eta Atxagak amuari kosk egin zion berehala, bere testuetan tximeletek duten presentzia aipatuz, bereziki “Soinujolearen semea” liburuan. Irudikatu nituen biak intsektu honen izen ezberdinei buruz suelto, eta pentsatu nuen aipatuko zutela Oteizak berak, hain pisua, hain dramatikoa, hain burnizkoa bera, hain bizartsua, “La mariposa de dubitativas alas” izeneko poema baduela, seguru asko poesiaren historiara inoiz pasako ez dena. Pentsatu nuen esango zutela Orion bertan tximilita esaten dela, eta Getarian mitxeleta, Asteasun mitxirrika eta Urdiainen mariposa. Pentsatu nuen horrekin joango zela hitzaldiaren erdia eta beste erdia haritik tiraka. Pentsatu, pentsatu, azkenean ez nintzen Oriora joan. Zutabe polita aterako zitzaidan hitzaldiarekin.