Praka motzak neguan

Erabiltzailearen aurpegia Alberto Barandiaran 2018ko ira. 26a, 13:53

Noiz eta bigarren kolaborazioan metairratizutabegintza egingo dudala salatuko badidate ere, esan behar dut oraingo honetan ahaleginduko naizela ahotsa pixka bat goratzen, irribarrez esaten esan beharrekoa. Lehenengo kolaborazioa aireratu eta gutxira lagun batek deitu baitzidan, ea ongi nengoen. Irratitik entzun zidala eta ez nuela ahots onik.
Harira, beraz, eta baikortasunez konta dezadan: hain zuzen ere irri baten irudia duten plastikozko poltsak banatuko dituzte Iruñeko merkatariek, bertako dendetan erosketa bultzatzeko xedearekin. Beharko dute, bai, hurbiltasunaren mezu hori eman, baina ez dut uste nahikoa izango denik. Atzo bertan, Alde Zaharreko dendari gazte bat kexu zen, merkealdiak direla eta: gero eta goizago jartzera behartzen dituztela, lasterka etengabea dela; uda erdian, neguko arropa, eta elurra kaskoetan ikusita ere, praka motzak eta kamiseta tirantedunak. Zergatik eta denda handiek markatzen dutelako pausua: Inditex, badakizue. Moda, lan baldintzak, alokairuak, merkealdiak ere bai.
“Laster, hemen ez da denda txikirik geratuko”, aitortu zigun dendariak, etsita. Irribarre baino gehiago beharko dute, bai, merkatariek. Eta, hala ere, ez dakit asmatuko duten: nire auzoan, Alde Zaharrean, jada ez dago garbigailu bat erosteko dendarik. Oso esanguratsua iruditzen zait.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!