Liburuak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Larretxea 2026ko apirilaren 23a

Apirilaren 23a. Liburuaren Eguna da gaur. Egun berezia irakurzaleentzat, ez hain berezia irakurtzeko ohiturarik ez dutenentzat. Lehendabiziko taldekoa naiz ni. 

Ttikitan irakurzaletu nintzen. Aski gogoan ditut Makilakixki eta Elmo elefantearen ipuinak, hasieran gurasoek irakurtzen zizkidaten, gerora nik ere makina bat aldiz irakurri ditut.  Gerora etorri ziren Bostak, eta gazteleraz irakurtzen hasi nintzean Las hermanas O Sullivan. Orduak eta orduak ematen nituen irakurketan murgilduta. Igerilekura eramaten nuen liburua, komunera, hondartzara. 

Hamar bat urte nituela, Kika supersorgina deskubritu nuen, ondotik Harry Potter (euskaraz!) eta   nerabezaroan kateatuta ibili nintzen maitasun trilogia kutre xamarrak bata bertzearen atzetik irakurtzen. Connemara gure bihotzean liburuak bereziki hunkitu ninduen hamabortz urte nituela, hainbertze, Irlandara ere joan nintzela handik guttira. Liburu kuttunen zerrendan gordea dut oraindik ere. 

Handik urte batzuetara, Jenisjoplin liburuak eraman ninduen Bilbora, El descontentok Madrilera eta Zaldi bat eleberriak murgildu nau Lesakan azken aldian. 

Herrialdeka, herriak, ostatuak, deskubritu ditut literaturari esker. Fantasiazko munduetara eraman nau, barre egin dut, negar, eta lorik egin gabeko gauak goxatu dizkit. 

Biba literatura!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!