Laneko mugikorrean lehenik eta mugikor pertsonalean gero. Aste honetan atera berri zait Instagrameko mezu bat, hemendik aitzinera publizitaterik jaso nahi ez badut 13 euro ordaintzeko aukera dudala erranez.
Bi aldiz pentsatu gabe eman nion ezezkoa, eta lasai ederrean murgildu nintzen instagramen zurrunbiloan. Dena alde batera utzi eta Australiara bizitzera joan den klasekidea, azken asteburuan mendian ibili den laguna, kuadrillarekin Bordelen izan den ezaguna, bikoteak ezkontzeko eskatu dion influencerraren bideoa… Zorionaren paradisua.
Ez dut inor triste ikusi, ezta jenio txarrez ere eguna okertu eta dena gaizki ateratzen zaiolako. Dena da polita eta dena da perfektua.
Ez nuke ziniko izan nahi, nik ere zoriontasuna islatzeko ibiltzen baitut aplikazioa, baina, grazia egin dit pentsatzeak 13 euro ordainduta iragarkiak kenduko nituela, baina inork ez liokeela bere burua publizitatzeari utziko.