Eguraldi ederra

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Larretxea 2023ko urr. 4a, 15:27

Ustekabean harrapatu nau urriak. Gogoz ekin nion irailari, uda arraro xamar baten ondotik errutina inoiz baino beharrezkoagoa bainuen. Hilabete arraroa da, ordea, iraila egun berean egiten baituzu hondartzarako plana eta ingeles akademiako ikasturte berriko lehen klasea. Eta neure buruan behin eta berriz errutina bat sortzeko ahalegina egin arren, ustekabea bata bertzearen ondotik etorri, eta errutinarik gabe iritsi naiz urrira. Baina ez gaitezen engaina, nork eman nahi arratsaldea ingelesa ikasten kanpoan 30 gradu eta mendirako edo hondartzarako giroa denean? Nik ez behintzat. 

Neure buruaren kontrako gerra izaten ari da azken egunetako eguraldi zoragarriarekin etxean gelditu beharra ingelesa ikasteko, edo bertso saioa prestatzeko, eta laneko azken artikulua txukuntzeko, edo aspaldi hasitako eta behin eta berriz atzeratutako ipuina bukatzeko, edo gaur aditzen ari zareten zutabe hau idazteko. 

Eguraldi txarra noiz etorriko zain gelditu beharko naiz etxean lanean gelditzeko. Edo beharbada, hobe nuke nire gorputzari kasu egitea, eta produktibo izateari utzi eta eguraldi ederraz gozatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!