«Zuk ez duzu mudantza konstante batean bizi zarenaren sentsaziorik?» Lagun baten hitzak dira, enegarrenez etxez aldatuko nintzela kontatu nionean. Momentuan kasu gehiegi egin ez banion ere, etxera iritsi eta behin eta berriro etorri zitzaidan gau hartan esaldi hura burura. «Zuk ez duzu mudantza konstante batean bizi zarenaren sentsaziorik?»
Lekualdatze fisikoaz ariko zela pentsatu nuen hasieran, azken 10 urtetan zazpi etxe diferente habitatu baititut. Baina, lekualdatze fisikoaz haragoko bertze zerbait bada mudantza bakoitza? Mundua ikusteko eta irakurtzeko perspektiba diferente bat ematen badigu bakoitzak? Are, hasten dugun eta bukatzen dugun harreman bakoitza bada mudantza bat, orduan zer?
Ez dakit, nik ere ez daukat erantzunik. Kaxaz betetako gela bat daukat, eta lore erosi berriak paratu ditudan terraza. Bertzerik ez.