Beldurra

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Larretxea 2023ko api. 26a, 20:19

Donostian izan nintzen pasa den ortziralean. Lagunak ordurako Egiako taberna batean zeuden zerbait hartzen, eta iristen azkena nintzela eta, bakarrik egin nuen bertarainoko bidea. Egun argiz. 

Lasai nindoan, buruan bertze gauza batzuk nituela, parean hiru mutil gazte parez pare gelditu zitzaizkidan arte. Ez dakit zer izan zen erran zuten lehenengoa, rubia edo antzekoren bat pentsatzen dut, eta begiratu nituenean lasai asko bota zuen horietako batek: te follaba y te hacia de todo, guapa. 

Nazka aurpegia paratu nien, gilipollas luze bat oihukatu eta aitzinera segitu nuen, beraiek bertze zerbait erraten zidaten bitartean. Egia erran ez nuen erraten zutena aditu nahi ere izan, nahikoa bortzitza izan baitzen ordura bitartekoa. 

Pausua azkartuta joan nintzen lagunengana, gertatutakoa ahalik eta lasterren ahaztu nahian. 

Pasatu ziren ordu batzuk, eta berriz ere egin behar izan nuen bide bera. Oraingoan ilunetan.

Eta joaterakoan ez bezala, burua ez nuen bertze gauzetan pentsatzeko. Erasotzaileek lortu zuten beren helburua. Mugikorra esku batean, eta kotxeko giltzak bertzean ia korrika batean, arnasestuka egin bainuen autorainoko bidea, Atzera etengabe begiratuz, eta ez nintzen lasaitu etxera iritsi bitartean. Etxeko atea itxi, eta ohatzean etzan nintzenean sentitu nuen tentsio dena askatzen. 

Eta galdetzen diot nire buruari noiz arte jarraitu behar dugun horrela. 

Ez dut beldurrez bizi nahi. Ez dugu beldurrarekin bizi nahi. 

Utzi erasotzeari, utzi konplize izateari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!