Berokia

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Larretxea 2022ko ira. 29a, 17:37

Uda bukatzeko gogoz nengoen, eta ez bereziki lanera itzultzeko txirrintarik nuelako, edo errutina faltan bota dudalako. Ez, aurtengo udan izan dugun beroa izan da uda bukatzeko gogoa eragin didana. Gorputzean sartu eta arnasa lasai uzten hartzen ez dizun bero heze eta nazkagarri hori. Inoiz baino lo ordu gehiago kendu dizkidan hori. Bai, sentitzen dut, jendeak uda edo negua galdetzen duen horietan negua erantzuten duen gutxienetako izaten naiz. Eta ez hotza eta euria bereziki gustatzen zaizkidalako, beroa gorroto dudalako baizik. 

Eta ez dakit zuek, baina, Nafarroa iparraldean tenperaturak jaitsi diren honetan inoiz baino lehenago atera ditut jertseak ohatze azpitik.  Eta ingurura begiratuta ere horixe izan da sentsazioa, iraila bukaerarako neguko txamarrak itzuli direla gurera. 

Aitzineko urteetan, sanmigelak pasatu arte eusten nion udako arropari, galtza motzen gainean txaketa jarri eta hotza disimulatu nahian. Baina, aurten ez. Nik ere pasa den asteburuan gorde nituen udako soineko eta galtza motzak armairuan, ez horiek berriz ibiltzeko eguraldi onik egingo ez duelako, horiek gordetzeak fase berri batean sartzea adierazi nahi zuelako baizik.


Ongi etorri udazkena, ea udak ekarri ez digun freskura ekartzen diguzun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!