Gaizka Izagirre Gazteluzoko zuzendari eta telesailetan adituaren Twitter kontuan ikusi dut grafiko berezi bat. Telesail bakoitzak dituen kapitulu kopurua, eta horiek ikusteko eman beharreko denbora adierazten du. Hala, Simposandarrak dira ikusteko luzeenak, 696 kapitulu daude denera, eta 322 ordu eta 16 minutu behar dira dena ikusteko. Bigarren lekua da Supernatural. Zortzigarren eta bederatzigarren lekuan daude nire bihotzean txoko txiki bat dutenak: Modern Family eta Friends. 88 ordu behar dira horietako bakoitza ikusteko, biak osorik ikusteko 176. Kontuan hartuz gero horietako bakoitza ia hiru aldiz ikusi dudala, 528 ordu eman ditut denera horiei begira. 22 egun denera. Hotzean pentsatuz gero izugarrikeria da zifra.
Duela urtebete, kanpoko mundua ukiezin bihurtu zenean, gutako askok hartu genuen babes pantailan. Lagun bihurtu ziren lehen pantailaren bertze aldekoak, eta negar, barre zein beldurtu egin ginen beraiekin. Literaturarekin batera, munduaren leiho bihurtu ziren, eta dena arrotza zen unean etxeko bihurtu genituen. Birusari ihes egiteko modu bihurtu ziren, eta entretenitzeko konpainia.
Ah! Eta Grafikoan ez da ageri, baina grafikotik aparte Goenkaleren datuak eman ditu Izagirrek: 3708 atal eta 1854 ordu. Bertze era batera erranda, 77 egun eta sei ordu beharko zenituzte hasieatik ikusteko.