Herri txiki edo ez hain txikietan bizi garenoi behin eta berriz egiten diguten galdera da zer egiten dugun herrian asteburuetan. Behin eta berriz diot, pertsona berri bat ezagutu eta herri txiki batean bizi naizela erraten diodan aldiro botatzen baitu galdera bera. Azkenekoz Maitane Maritorenari irakurri diot gaiari buruzko artikulua Ttipi-ttapa aldizkarian. Bertan dio, jendeak asteburuetan herri batean zer egin daitekeen galdetzean herria hitza azpimarratzen duela, eta horren atzean uste bat dagoela: herri batek ez duela deus eskaintzeko. Deus horren baita gauza aunitz sartu daitezke, nik kulturari egin nahi diot erreferentzia. Izan ere behin baino gehiagotan aditu dut kultura kontsumitzeko hirira joan behar garela, eta ez da egia. Bortzirietako azken hilabeteko kultur agenda da hau: Testura taldearen emanaldia, Ez dok hiru antzerki saioa eta Gospel kontzertua Beran, Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala eta Ciento Volando taldea Lesakan, Pettiren kontzertua eta bertso zaharren emanaldia Igantzin. Eremua pixka bat gehiago zabalduta, Erradikalak ginen antzerkia Donezteben, Joseba B Lenoir eta Mice Leitzan, bertso sariketa Iruritan… Eta oraindik ere jarraitu nezake agenda aletzen. Bai, kultura kontsumitu nahi badugu joan gaitezke hirira, baina ez da ezinbertzekoa. Herrian ere badugu eta aukera.