Donostiako 68. zinemaldia egiten ari dira egun hauetan, eta ohiko pelikulaz gain,
hiru telesail ere aurkeztu dituzte aurten. Horien artean, Patria. Fernando Aranburuk
idatzitako nobelan oinarrituta, Aitor Gabilondok zuzendu du proiektua eta datorren
astetik aitzinera HBOn egongo da ikusgai.
Hemendik aitzinera ere izanen da telesailaz solastuko denik, ni baino hobeki ziur
aski, eta spoilerrik egiteko arriskua ekidite aldera, arreta piztu zidan bertze kontu
bat aipatu nahiko nuke gaurkoan. Larunbatean prentsa aitzinean izan zen
Gabilondo ikusmina piztu zuen agerraldiak, eta kazetari andana bertaratu.
Alderdi zinematografikoaz mintzatu ondotik, atera zen denok zain geunden gaia:
memoria, bizikidetza eta errelatoa. Gaiaren inguruko hainbat galdera erantzun
zituen Gabilondok, baina batek piztu zuen nire arreta. Bizikidetzarako urratsak
egiteko balioko ote duen galdetu zion kazetari batek, eta ondorengo erantzuna
eman zuen Gabilondok hitzez hitz: Anbizio handiegia da, serie batekin zerbait
mugitu nahi izatea, azken urteetan ez denean mugimendurik egon.
Ez dakit Gabilondo eta ni errealitate berean bizi ote garen, errealitatean pertzepzio
erabat ezberdina dugulako. Azken urteetan mugimenduik ez dela egon dio
Gabilondok, baina noren aldetik? Nor da gauzak aldatzea nahi ez duena? Foro
Sozialak atzo bertan jakinarazi zuen espetxe politika aldatzearen aurkako lobby bat
dagoela lanean.