PAI-D EREDUAN INGELESEZKO ORDU BAT GEHIAGO: INPOSAKETAK EZ DU ETENIK
"Argazkian, 2021eko protesta baten irudia. D ereduaren ordez, PAI-D inposatu zieten Beriaingo, Tebasko eta Muru Artederretako familiei. Argazkia: Iñaki Porto".
2025-26 ikasturtean PAI eredu makurrak beste urrats bat eginen du: PAI-D ereduan gutxienez astean 7 ordu eman beharko dituzte ingelesez (orain arte 6 ordu ziren gutxienekoa). Gainera, Zientzia Naturaletan eta Sozialetan ingelesez eman beharko dituzte eskolak (“https://www.noticiasdenavarra.com/sociedad/2025/02/06/nueva-norma-pai-obliga-centros-9249315.html“).
Euskarazko murgiltze eredua beharrezkoa da euskara ongi ikasteko. Beraz, euskara ikasteko zailtasun bat gehiago izanen dute ikasleek. Eta, jakina, ingelesez ere ez dute ikasiko ingeles-murgiltzea balitz bezala, soilik 7 ordurekin. Ingelesezko ordu horiek soberan daude, eta hor daude soilik Nafarroako Gobernuaren inposizioaren bidez, gurasoen borondatearen aurka.
Antza denez, Sarrigurengo Joakin Lizarraga, Buztintxuri edo Tafallako Marqués de la Real Defensa ikastetxeetan gurasoen eta irakasleen haserrea atzeman da jada.
Alferrik da Euskararen Legearen 25.1 artikulua (eremu mistorako): “Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako”.
Entzun nahi duenarentzat jakina dena errepikatuko dugu: Euskararen ikaskuntzarako kaltegarria da, ikasten den ingeles mailak gutxitan gainditzen du D ereduko ikasleena eta ikasgaia ongi ikastea galarazten du. PAI-ri etekina ateratzen diote soilik ingelesezko akademiak ordaintzeko dirua duten gurasoen ikasleek. PAI segregatzailea da, definizioz.
Gainera, Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilaria denetik, berritik jartzen diren D eredu guztiak PAIrekin dira, nahitaez.
Hezkuntza Departamentua da honen guztiaren erantzulea. Bada garaia Nafarroako Gobernuak Carlos Gimeno kontseilaria kargugabetzeko. Eta alderdi abertzaleek ongi hausnartu behar dute Nafarroako Gobernuari ematen dioten babesa, burugabekeria hau aurrera eramaten duen bitartean.
2025-02-10.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.