IRUÑEAN, EUSKARAZKO HAUR ESKOLEN ESKAINTZA HANDITU ZAIN
Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza handitzea aspalditik eskatzen ari gara talde euskaltzaleok eta herritar ugari (familiak). Laster jakinen da datorren ikasturterako Iruñeko Udalak aldaketak eginen dituen. Nafarroako Gobernuaren aldetik ez da aldaketarik espero.
2023-24ko ikasturtean, Azpilagañan, Donibanen, Mendebaldean, Mendillorrin, Bigarren Zabalgunean, Etxabakoitzen eta Erripagañan euskarazko eskaintzarik gabe geratu zen horko jendea.
Beste auzoetan euskarazko eskaintza izan zen (Txantrean izan ezik, euskara/gaztelania eredu mistoaren bidez, egokiena ez bada ere). Euskararen eskaerari dagokionez, emaitzak hauexek izan ziren: Arrosadian, % 46’92; Txantrean, % 45; Alde Zaharrean, % 43’86; Sanduzelain, % 38’98; Buztintxurin, % 37’27; Lezkairun, % 36’78; Arrotxapean, % 29’86. Arrotxapean bi haur eskoletatik euskarazko eskaintza soilik batean dago, baina gaztelerazko adarrarekin batera. Txantrean hiru tokitan gaztelaniazko eskaintza zegoen eta haur eskola bakarrean euskarazkoa.
Auzo horietan eskaeren % 39’07 euskarazko ereduaren alde izan dira (aurreko ikasturtean baino % 3’19 gehiago). Ziur aski hor nonbait izanen litzateke euskarazko eskaeren kopurua gainontzeko auzoetan, euskara eskaini izan balute.
Bitartean, gaztelaniazko haur eskola batzuetan eskainitako plazak baino gutxiago izan ziren eskaerak (lehenengo aukera moduan, behintzat): Donibaneko Jose Maria Huarte haur eskolan, Etxabakoizko Nuestra Señora de Roncesvalles haur eskolan, Txantreako Santa Teresa haur eskolan, Orvinako Doña Mayor ikastetxean eta Iturrama Ikastetxean.
Bai Iruñeko Udalari, bai Nafarroako Gobernuari, eskatzen diegu euskarazko eskaintza handitzea, auzo guztietan euskarazko haur eskolen aukera izateko eta, ahal bada, murgiltze ereduan (ez eredu mistoan), eta alferrikako ingelesezko jarduerak tartekatu gabe.
2024-10-29.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.