Euskararen kontrako oldarraldiaren erdian, berri ona Burlatan

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2024ko urr. 13a, 20:37

PSOEko bi kidek errekurtsoa jarri zuten 2023ko urrian, Burlatako Udaleko Kultura koordinatzailearen lanpostuari profil elebiduna kentzeko. 2024ko uztailaren 24an ebazpena eman du Nafarroako Administrazio Auzitegiak (1184 Ebazpena), eta ebatzi du profil elebiduna legezkoa dela.

EUSKARAREN KONTRAKO OLDARRALDIAREN ERDIAN, BERRI ONA BURLATAN

 

PSOEko bi kidek errekurtsoa jarri zuten 2023ko urrian, Burlatako Udaleko Kultura koordinatzailearen lanpostuari profil elebiduna kentzeko. Ez dira PSOEko edozein kide, ez dira ari beren kabuz: Sergio Barasoain Rodrigo eta Kevin Lucero Domingues dira, Burlatako PSOEko zinegotziak, eta, Kevin Luceroren kasuan, Nafarroako Parlamentuko PSOEko parlamentarioa ere bai. Hau da, alderdiaren ildoa da hori.

2024ko uztailaren 24an ebazpena eman du Nafarroako Administrazio Auzitegiak (1184 Ebazpena), eta ebatzi du profil elebiduna legezkoa dela.

Udalaren txostenak lanpostuaren funtzioak zehaztu zituen, eta Auzitegiak garbi ikusi du lanpostuak harreman zuzena duela herritarrekin.

Ebazpenaren arabera, euskaraz jakitea eskatzea ez da berez diskriminatzailea eta Konstituzioaren eta gainerako ordenamendu juridikoaren aurkakoa. Alderantziz, konstituzio-estaldura osoa du. Auzitegiak Europako Gutuna ere aipatu du; izan ere, Gutunak azpimarratzen du hizkuntza gutxituen aldeko neurriak ez direla diskriminatzaileak.

Profil elebiduna justifikatuta dagoela ikusten duenez, atzera bota du PSOEko zinegotzien (eta parlamentarioaren) helegitea.

Espero dezagun ebazpen honen ondoren udalek arnasa hartzea, eta beldur ez izatea profil elebidunak jartzeko, hau da, gaztelania eskatzeaz gain euskara ere eskatzeko.

2024-10-13.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!