Egun on,
Berrogeita hamar urteetako adina gainditu dugunon kuadrilletan, astean behin mahai baten inguruan biltzen garen horien artean, ohikoa da jubilazioaz mintzatzea. Halako punturaino, ezen, hainbestean, errazagoa baita jakitea zenbat urte kotizatuak dituen kuadrillako bakoitzak haren bizitza pertsonaleko beste ezer baino.
Nik ez diot sekula gehiegi erreparatu kontu horri, baina ahaleginik gabe badakit jubilatzeko adin ofiziala 67 urteak direla gaur egun, baina 38 urte eta hiru hilabete kotizatuak badituzu, 65eraino aurrera daitekeela.
Arauak gogoratu ondoren, afaldu osteko liturgiaren hurrengo txanda da norberak azaltzea zein planak dituen jubilatzeko, legeak dioena baino lehenago jubilatzeko erran nahi baita. Horrela, batek ordezko kontratua begiratuko du, beste batek pentsatua du kalera joan bi urte lehenago eta langabezia kobratu adina bete arte, hirugarrena lanerako ezintasuna begiratzen ari da, eta aurrera jarrai genezake.
Egia erran, niri hori guztia astun egiten zait. Eta ateratzen zaidana da pentsatzea egunero egiten dudan eta oraindik urte batzuetan zehar egiten jarraitu beharko dudan lan hori ongi egitea, eta ondoan ditudan lankideen ingurua goxatzen saiatzea direla etorkizunari begira egin ditzakedan ahaleginik baliotsuenak.