Egun on:
Mendia maite dugunok ohitura dugu urte berriari hasiera emateko gailur bateko bidean.
Aurten, Ezkabako tontorra lainotua zegoen Urtats egunean. 2024ko abendu bukaeran eta 2025eko hasieran behe-hodei trinkoek eskualdea hartu dute, eta hotz eta hezetasun sentsazioak zabaldu dituzte gure inguruan.
Irudi horretatik abiatuta, 2025eko lehen egun hauetan, munduari begirada bat botatzen badiogu, ez zaigu zaila eginen lainoaren hotza ikusteko. Munduko politikari so egin eta laino beltza ikusten da Europan zehar emeki hedatzen, Estatu Batuetatik datorren itzal hori, duela urte bat pasa Gazatik eta Ekialde Hurbil osotik zabaltzen ari den bera.
Ikusmira Nafarroa aldera aldatzen badugu, larri ikusten da hainbat enpresa handiren etorkizuna, BSH azken adibide argia. Alemaniatik omen dator laino ilun hori, eta badakigu zein garrantzia duten enpresa germaniarrek gure herrialdean, eta zein min handia egin dezaketen, krisia larritzen bada.
Ez nuke ezkor izan nahi, baina 2025 hasi berri honetan tarte luzez laino artean ibiliko garela uste dut. Beraz nork bere argia presta dezala, eskuan, kopetan edo oinetan para, eta mundua argitzera atera dadila. Hori da nire desioa urte berrirako.