Egun on,
Badut lagun bat progresista aspaldiko partez. Ez du erradikaltasuna gogoko, muturreko jarrerak ez direlako eraginkorrak, eta mesederi ez diotelako egiten bizikidetzari.
Nire lagun progresista ekologista da, eta etxeko zaborrak zein bere ontzira botatzen ditu egunero, zein bere kolore desberdineko poltsan. Hala ere, auto propio eta gasoliokoaz mugitzen da beti, garraio publikoak denbora asko galarazten diolako, eta deserosoa da.
Nire lagun progresista kilometro zeroko produktuak kontsumitzearen alde dago, hala ere merkataritza-gune handietan egin ohi ditu erosketak, eta gero eta gehiagotan Amazon erabiltzen du; izan ere, gizon okupatua da, eta ezin du denbora gehiegi xahutu dendaz denda ibiltzea bezalako arinkerietan.
Nire lagun progresista euskalduna da, ahaleginez ikasi zuen gure hizkuntza gazte garaian, eta zinez uste du euskara dela Nafarroako altxor kultural nagusia. Korrikan parte hartzen du eta seme-alabak D ereduan ditu. Hala ere, erdaraz aritzen da beti, seme-alabekin ere bai, erosoago sentitzen baita hizkuntza horretaz, eta, bide batez, gazteleraz egiteak haserre eta kalapitak saihesten baitizkio erdaldunekiko.
Nire lagun progresista eroso bizi da gure sisteman, baina bere burua engainatzen du alternatiboa dela errepikatuz.