Black Zernin

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2024ko aza. 25a, 16:26

Egun on,
 Euskaltzaindiaren arabera Iruñeko santu zaindariaren izena Done Saturdi da. Hala ere, Iruñeko eta Iruñerriko auzokide gehienok San Zernin deitzen diogu, edo, hobeki errana, deitzen genion, zeren eta gero eta jende gutxiagori interesatzen baitzaizkio santuen izenak bezalako kontuak.
 Aurtengo festa berezitasun batekin dator, San Zernin eguna ostirala da, azaroaren azkena, eta bat egiten du “Black Fraiday” arrakastatsuarekin. Kointzidentzia ez da makala, izan ere, erlijio tradizionala maldan behera doan honetan, kontsumoaren erlijio berriaren arrakasta areagotzen ari da etengabe gure artean. Eta, ongi dakizuenez, diruari, hau da, jainko ahalguztidun berriari, opari egiteko egun seinalatuak zintzotasunez santifikatu behar ditugu.
 Kristautasunarentzat zuria bazen garbitasunaren kolorea, kontsumoarentzat, ordea, beltza da zeinu santua: “black” dira mugagabe erosteko kreditu txartelak, eta, nola ez, “black” da dirua xahutzeko aldi santu berriari hasiera ematen dion egunaren kolorea.
 Beraz, “black” Zernin egun ona ospatu, iruindarrok, eta xahutu ahalik eta diru gehien data hauetan, horrek ematen baitio zentzua gure bizitzari gaur egun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!