Egun on,
Ondare Higiezinen gaineko Zerga edo, hemen deitzen diogun bezala, kontribuzioa, udalen gastu publikoa finantzatzeko iturri garrantzitsuena da. Anitz kasutan, zerga horretatik biltzen dena urteko diru-sarreren % 50era ailega daitekeela.
Kontribuzioa kalkulatzeko bi faktore hartzen dira kontuan, etxebizitzen edo finken balio katastrala, eta oinarri horri aplikatzen zaion interes-tipoa. Oro har, garrantzia handia eman ohi zaio tipoen igoerari, egun hauetan osoko bilkuretan ikusten ari garenez; baina, kalkulua egiteko zifra inportanteena, oinarria, etxebizitzaren edo finkaren balioa da.
Horregatik, hagitz inportantea da udalek higiezinen balio katastrala eguneratua izatea. Iruñeak hogei urte pasa zeramatzan katastroa eguneratu gabe, horregatik, nahiz eta tipoak urtero igo, kontribuzioagatik ordaintzen ziren kopuruak oso eskasak ziren, erridikuluak, inguruko udalerrietako bizilagunek ordaintzen zutenarekin alderatuak.
Orain gauzak aldatu dira. Iruñeari hiriburutza-karta kendu zitzaionetik, ez du abantailaz jokatzen, eta tokiko ogasunen funtsa modu justuago batez banatzen da Nafarroako udal guztien artean. Iruñeko kontribuzioa parekatzea, justizia kontu bat zen.