Egun on,
Anitz gauza gertatu dira bukatu berri dugun uda honetan. Nik, besteak beste, espainiar zaletasunaren gorakadari erreparatu diot. Dela futbol selekzioaren arrakasta, dela olinpiar jokoen zabalera mediatikoa, dela espainiar banderaz jositako txirrindularien maillotak…, kontua da Espainiaren izena eta erreferentzia sekula baino gehiago erabiltzen dela gaur egun gure artean, komunikabide eta politikari euskaldunen artean bereziki.
Fenomenoa anekdota onomastiko-geografiko hutsa litzateke gibelean ezkutatzen duen susmo politikoagatik ez balitz. Ezin baita uka, estatu ofizialen gorespen hori ezaugarri berezia dela eskuin muturreko alderdien artean; eta, nola erabiltzen den ikusita, nazionalismo estatalisten gibelean, dela Frantzia, dela Espainia edo Alemania, etorkinengandik bereizteko arrazakeria zeinu bat ikus daitekeela. Agerikoa da Europar Batasuneko estatuetan Afrikako etorkinak gutxiesteko ideologia bultzatzen ari dela, aginte erakunde ia guztien aldetik.
Beraz, mintzatzeko tenorean, ez genuke ahantzi behar, norberaren hiztegia eta iruditegia, bere pentsamenduaren islak direla.