Gihar min eguna

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2024ko mar. 18a, 17:52

Egun on:
 Ustekoa da, zuek ere, entzule maiteok, gihar minak jota ibiliko zaretela gaur atzoko eta herenegungo korrikaldiak edo korrikaldiek jota. Izan ere, seguru nago nork gehiago nork gutxiago,  ingurune euskalduneko inork ez diola huts egin Korrikan parte hartzeari. 
Dena den, sufrimenduari erreparatuz, pentsatu dut ongi letorkeela gaurkoan gihar-minari aurre egiteko etxeko  erremedio batzuk aholkatzea; ez da erran behar hutsezinezkoak direla, doike. Lehena, mindutako gorputz ataletan ur hotza ematea da, edo ur hotzezko dutxa bat hartzea: kasu honetan hotzak joko gaitu tarte batez, baina sendaketa segurua da; arazo bakarra dago, neguan gaudela kontuan hartuta, gihar-mina sendatuko da, baina gripe bat harrapatzeko arriskua ere hor dago. Beste erremedio on bat da zangoak izpiliku-olioaz igurztea, honekin gripearen arriskua urruntzen dugu eta norberak egin ordez, beste batek igurzten badigu, plazereraino ailega daiteke, bien arteko kimika badago, betiere.
Dena den, euskaldunok badugu gure gaitz guztiak erraz senda ditzakeen sendagarri hobeezin bat: euskaraz egitea. Imajinatzen duzue asteburu honetan ikusi ditugunak egunero ikusiko bagenitu? Bai, ikaragarria litzateke. Ikusi dugu. Gozatu dugu. Egin dezagun, bada. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!