Hitzordua Santa Ana plaza berreskuratuan izan zen, Iruñea iraultzailearen bihotzaren erdian, atzo igandez, eguerdia pasa eta ordu erdi batera; alabaina, eguerdian puntuan jendea zegoen zain jadanik. Tenorea zelarik, gazte eder eta alaien koadrila batek hartu zuen gunea, txaranga, bertsolari eta dantzariez osatutako armada boteretsu baten laguntzaz. Helburua: urte politikoari errepasoa eman eta gure buruaz barre egitea. Eta finki erdietsi zuten, kantuz, dantzaz, umorez, eta sarkasmoz beteriko antzezpen zoragarriaz.
Bostehun lagun gorako ikusleok egiaztatu genuenez, Iruñerriko euskaldunok umoretsuak gara, badakigu gure lepora barre egiten; eta eztenkada sakonak ematen ikasi dugu, hori bai, inor mindu gabe, inor ezin baita ozpindu kritika irribarrez egiten bada.
Horrela, Koldo alkate, Asiron eta Ibarrola ikusi genituen lehian, Txibite galantak nor aukeratuko legealdiko dantzaldi festan haren bikote izateko. Halaber, Palestinaren elkartasunean lidergoa hartzeko protagonismo lehiak noraino diren ergelak ikusarazi ziguten; baita, ezkertiar eta abertzale izanagatik ere, nola ikasi duten udal agintari batzuek burokrazia erabiltzen atseginak ez zaizkien herri bilerak egiteko baimena eskatzen dietenean.
Laburbilduz, mugitzen den orok berea jaso zuen gure gazteen aldetik, eta “muxiken” herri dantzetan bukatu genuen denok ekitaldia. Irribarrea aurpegian, eta Iruñerriko euskaldunak izateagatik, benetako pribilegiatuak garela sentituz.