Egun on:
Duela aste bat Florencio Roselló aipatu izan banu, inork gutxik jakinen luke nortaz ari nintzen. Eta ia seguru nago aipatu dudan honetan entzuleetako gehienek ez dutela harrapatu nor den morroi hori. Ba, Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako apezpiku berria da joan den larunbatetik. Garai batean gertakariak Nafarroako egunkarien lehen orriak bete eta irratsaioak irekiko zituzkeen, gaur egun, aldiz, orrialde bakoitiko albistea, besterik ez da.
Hala ere, ni bi detailetxoei erreparatu diet. Lehena, Florencio Roselló, hona izendatu baino lehen, ez zela Apezpiku, fraide izatetik Artzapezpiku izatera iragan da zuzenean, eta hori ez da gertatu sekula Iruñeko Artzapezpikutzan orain arte, nik dakita. Bigarrena, Iruñeko azken bi artzapezpikuak, Fernando Sebastian eta Frantzisko Pérez, Pontifize Unibertsitateko Errektore eta Espainiako armadako apezpiku izan ziren hurrenez hurren. Aitzitik, Florencio Roselló Alacanteko kartzeletan kaperaua zen, eta urteak eman ditu kartzeletan presoekin lan egiten. Dirudienez Frantzisko Aita Santuaren irizpideak eta karguan aitzineko izan zituenetakoak ez dira berberak.
Edonola ere, garaiak aldatzen direla agerikoa da, Elizak dagoeneko gizartean ez duela lehen izan zituen rola eta boterea argi dago, eta Bergoglio Aita Santuak beste bide batetik zuzendu nahi duela Nafarroako Elizbarrutia ere begi-bistan dugu. Ez du erraza instituzio zaharkituaren oinarriak aldatzea, baina Nafarroako Elizari, edo geratzen denari bederen, hagitz ongi etorriko zaiolakoan nago.