Eskuaren zartakoa

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2024ko urt. 15a, 15:11

Egun on:
Aitortu behar dut aspaldi utzi niola fetitxeen boterean sinesteari. Horregatik ez nintzen sobera berotu, orain dela urte bat, hizkuntzalari aditu batzuk, turuta eta zaldabaiaz jendaurrera azaldu zirelarik eskuararen sorgin harria aurkitu zutela erranez, eta ez nuen parte hartu erlikia berria gurtzera joateko prozesio gorietan. Egia errateko euskaldunok, euskara izerdiz eta lanez eskuratu dugunok, ez dugu inoren berrespena  behar gure hizkuntza, nafarron hizkuntza dela onartzeko. Hala ere, ez dut ukatuko irribarrea piztu ninduela euskararen ukatzaileen ergel-aurpegiak ikusteak.
Alta, urte bat pasa ondoren, orduko adituak jendaurrera berriz azaldu dira, oraingo honetan turuta eta zaldabairik gabe, zertara eta duela urte bat erran zutena ez zela ongi ulertu erratera. “Sorioneku” baino “Sorioneke” dioela inskripzioak, ez daitekeela erran “Sorioneku” hitza euskara denik, haiek baskonikoa aipatzen zutelarik ez zutela proto euskera aipatzen ari, beste gauza bat (beste aurre-hizkuntza bat) baizik, eta horrelakoak. Laburbilduz, haiek erran zutena eta jendeak (euskaldun arruntok, alegia) ulertu genuena ez dela gauza bera.
Ba, aitortu behar dut, lehen sobera poztu ez arren, orain bai penatu naizela, euskaldunok beti zartakoka tratatzen gaituztela berriz ere ikustean. Eta hizkuntzaren jaun adituei eskatuko nieke, hurrengo batean, kongresuak eta azterketa sakonak egin ditzatela lehenago, berri handiak zabaldu aitzin alegia, horrela oraingoa bezalako deseingainuak saihestuko genituzkeelako.   

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!