Egun on,
Nire harridurarako, urteko lehen asteko albiste goraipatuenetako bat autoen salmentaren gorakada izan da. Datuek diotenez, 2023 bukatu berrian 7.173 ibilgailu berri saldu dira Nafarroan, hau da %13,34 gehiago aurreko urtean baino. Agente ekonomikoek menta handia eman diote datuari, ezin baitugu ahantzi gure ekonomiaren sektore nagusia dela autogintza. Arrakasta biribiltzeko, saldutako auto gehienek gasolina edo gasolioa ez beste propultsioa erabiltzen omen dute.
Aitortu behar dut autoen salmentaren gorakada ez dela ni bereziki pozten nauen albiste bat; alderantziz, ekologiaren ikuspegitik bizimodu alternatibo batean sinesten dugunontzat, autoari buruz eman daitekeen albisterik onena bere desagerpena dela uste baitut. Baina, tira, hori mementuz amets bat baino ez da. Kontua da, albistean sakondu ahala agerian geratzen dela “gasolina edo gasolioaren ordezko propultsioa erabiltzen duten” ibilgailu horien artean auto erabat elektrikoa, erran nahi baita, atmosferara CO2 isurtzen ez duen bakarra, %7,2 ingurua dela. Hau da, Nafarroan saldutako 7.173 auto horietatik 516 baizik ez dira elektriko. Beraz, datua, hotsandiz aurkeztu arren, urrun dago, positibo izatetik.
Beraz, handiustez aurkeztu den albiste hori urrun dago berri on bat izatetik, horrela goraipatu nahi bada ere.