Txikiaren handitasuna

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2023ko mai. 8a, 11:56

Aitortu behar dut azken asteotan futbolaz enpo egon naizela kasik nazkaraino. Alegia, batzuei eguberriekin eta beste batzuei urtebetetzeekin gertatzen zaiena, niri gertatu zaidala Osasunarekin. Eta batzuek auzo lotsa sentiarazi didatela, ikustean noraino dauden prest beren burua saltzeko bozka eskukada baten edo kasu piska baten truke, gehien bat trajezko gorbata eta alkandora zuria atorra gorriaz aldatu dituzten horiek, edo santuen tapiz brodatuak Osasunako harmarriaz aldatu dituztenak (ez ditut alderdiaren edo parrokiaren izenak aipatuko).
 Baina aitortu behar dut, halaber, larunbat gauean finala ikusi nuela lagun arteko giroan, eta, unetxo batez, 10 minutuz bederen, amets egitera iritsi nintzela. Amets egin nuen Arazuriko batek, Garinoaingo batek, Iberoko batek, Eskirozko batek eta beste antzeko batzuek, munduko brasildar, belgiar, kroaziar eta franko-afrikar hoberenei irabaziko lieketela; amets egin nuen imajinatuz Berriatuako entrenatzaile bertsolari bat gai zela bere mutilak gidatzeko Italiako entrenatzaile garestienak zuzentzen duen taldea garaitzeraino. Amets egin nuen izena euskaraz duen talde txiki bat gai izanen zela, espainiar erregimenaren ikur handienetako bat lurrera botatzeko.
 Baina ez, legendetan bakarrik irabazten dio Dabidek Goliati, eta Osasunak galdu egin zuen. Hala ere, bizitakoa ikusita prest nago hurrengoan Sevillaraino joateko beharrezkoa bada, hori bai, baldin eta final hori hemezortzi urteren buruan jokatzen bada.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!