Ene uste apalean biktima bati biktima izaera ematen diona da beste pertsona edo talde baten aldetik justifikaziorik gabeko sufrimendua jaso izana; erran nahi baita, norbait kaltetua izan dela beste norbaitek berarekin giza eskubideak errespetatu ez dituelako. Beraz, indarrez hildakoak, zaurituak, torturatuak, bahituak, preso sakabanatuak, xantaiatuak eta beste anitz gehiago biktimak dira.
Halaber, ene uste apalean, betiere, biktima izateak ez du zerikusirik kaltea jaso duenaren ideologiarekin, edo lagun horrek bere bizitzan zehar egin duenarekin, pertsona baten ideologiak edo eginkizunak ez dutelako definitzen bere biktima izaera. Beraz, litekeena da orain biktima den pertsona bat beste une batean biktimario izatea, eta alderantziz.
Onartzen dut biktimak maila diferenteetan sailka daitezkeela. Ez baita gauza bera, erraterako, bizitza galtzea edo bahitua izatea, baina biak dira biktimak. Sufrimendu maila da biktimak sailkatzeko irizpide bakarra.
Beraz, ene uste apalean betiere, helburuak memoria eta erreparazioa badira, bakea eta bizikidetza badira, biktimak beren irizpide ideologikoaren arabera, edo beren jokaera moralaren arabera sailkatu nahi izatea ez da zuzena.