Politikaria eta deabrua

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2023ko api. 3a, 12:31

Hauteskunde bezperak zirela, hautagaia basamortura joan zen gogoeta egitera. Han deabrua agertu eta tentatzen hasi zitzaion. Lehen egunean zera erran zion: laster zure herriko alkatea izanen zara, dena egin ahalko duzu: bihurtu kargua zure lanbide eta baliatu kutxa publikoa ahalik eta diru gehien eskuratzeko. Politikariak ihardetsi zion: mundua aldatzeko aurkeztu naiz ni hauteskundeetara, ez politikagintzatik aberasteko. Eta Luziferrek, erantzuna adituta, alde egin zuen.
 Hurrengo egun batean, berriz ere agertu zitzaion deabrua hautagaiari, eta zera proposatu zion: laster zure herriko alkatea izanen zara, mundu guztiak txalotu eta goretsiko zaitu, hartu botere osoa zure eskuan eta erabili denen artean lider bakarra izateko. Politikariak ihardetsi zion: talde baten ordezkaria naiz ni, ez nago hemen goratua izateko, herria zerbitzatzeko baizik. Eta Luziferrek, erantzuna adituta, alde egin zuen.
 Azken egunean, deabruak mendi baten gailurrera eraman zuen hautagaia, eta han zeudela zera erran zion: begiratu aurrera, munduko bazterrak, eskualdeak eta hiriak; hori guztia zurea izanen da munduko botere handien aurrean belaunikatzen bazara eta sistemaren pieza bat bihurtzen bazara. Politikariak ihardetsi zion: nire herrian justizia eta askatasuna defendatzeko aurkeztu naiz ni hauteskundeetara, gaur egungo sistema ustela iraultzeko. Zoaz hemendik deabru madarikatua. Eta Luziferrek alde egin zuen, politikariaren bihotza herriarena zela ikusi zuelako. 
Horrelako alkate bat nahi nuke nik nire herrirako datorren lau urteetan.   

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!