Hogei urte bete dira AEBk Irak eraso zutenetik suntsipen handiko armen aitzakiapean. Garai hartan denok genekien hori gezurra zela.
Neurri apalago batean, denok dakigu telefono-enpresek eskaintzen dizkiguten pagotxa guztiak gezurrak direla, publizitateak begietatik sarrarazten dizkigun mezu guztiak bezala; eta, hala ere, erosten ditugu.
Gezurra gure gizarteko arlo publikoaren osagai ezinbestekoa da, eta erabat normalizatua dago. Guk ere, gezurraren biktimak izateaz gain, gezurti hutsak gara. Gezurrak erraten ditugu lagunartekoan merituak eskuratzeko, gezurrak bikoteari leial izanen gatzaizkiola diogunean, gezurra gure curriculuma jende aurrean aurkezten dugunean. Faltsukerian eraikitako gizarte batean bizi gara.
Barkatuko didazue txapa, baina hau guztia etorri zait burura telebistan entzun dudanean, ez-dakit-nongo ez-dakit-noren azken txostenaren arabera, Euskal Herria 13. herrialdea dela munduan bizilagunen zoriontasun mailaren sailkapenean.
Goragalea eten zaidanean pentsatu dut zenbat hobe eta atseginagoa litzatekeen mundua, fantasiazko irudiak erabili ordez errealitateari begiratuko bagenio, eta gezur guztiak baztertuko eta salatuko bagenitu, azken finean, gezurraren ordez egia erabiliko bagenu gure giza harremanen oinarri gisa.
Orduan, bai, beharbada pentsa genezake zoriontsuak garela mundu gizatiarrago batean.