Irati

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2023ko ots. 27a, 13:06

Zalantzarik gabe Irati filma izan da asteburu honetako izar nagusia Nafarroako unibertso zabalean. Ostiralean estreinatu zen eta nik aukera izan nuen larunbatean bertan ikusteko, Golem Baionako 8etako saioan, euskarazko bertsioan. 
Aretoa beteta zegoen, eta beteta diodanean, literalki beteta erran nahi dut, ezin zela txartel gehiago erosi alegia. Ber gauza gertatu omen zen 5,15eko saioan, eta beste zinemetako aretoetan. 
Filmari dagokionez, ederra iduritu zitzaidala aitortu behar dut. Ni ez naiz zineman aditua, beraz, ezin zorrotza izan balorazioetan, baina norberaren sentsazioak eta bukatu ondorengo zaporea epaia emateko irizpide gisa onartzen badira, “oso ongi” bat bederen paratuko nioke kalifikazio gisa. Egonen da bikaina ezarriko diona, halaber, pelikula bukatu zenean ez baitziren gutxi izan txaloka hasi ziren ikusleak.
Beraz, Iruñerriko euskaldunok, eta, kasu honetan, Euskal Herri osokook ere bai, hain ohituta negar malkotan agertzeko gure hizkuntzaz mintzo garelarik, pozik egoteko arrazoi bat dugu oraingo honetan. Ez baita gutxi, zinema aretoak hutsik dauden garaiotan, aretoak beteta ikustea euskaraz (azpitituluekin hori bai) ematen den film bati esker. Espero dezagun azkena ez izatea.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!