Ahantzia genuen dagoeneko, baina hara non berragertu da. Zoritxarreko Pepe Barrionuevo oholtzara igo da berriro EL PAÍSEk, progresia espainiarraren egunkariak, egin dion elkarrizketaren eskutik.
Betiko harrokeria galdu gabe, eta beti bezain ahobero, aitortu digu berak agindu zuela GAL taldeko hainbat ekintza, eta guda zikina erabili zuela Barne Ministroa zenean. Hori entzutean burura etorri zait zenbat aldiz ez ote zukeen gezurtatuko kontrakoa; alegia, Espainiako Gobernuak lotura zuela mertzenario-taldearekin, haiek demokraziaren defendatzaileak baitziren.
Euskaldunok bagenekien hori gezurra zela, eta orain nor eta estolderia zikinen iturgin nagusia etorri da gure susmoak berrestera. Handiputzaren elkarrizketa ez da kasualitatea izan, argi eta garbi gogoratu digu haientzat, sasi-demokrazia honen zaindarientzat, dena baimenduta dagoela, ez dutela legea bete eta ez dutela erreparorik izanen gerra zikina erabiltzeko botere-sistema kolokan ikusiko duten bakoitzean. Izan ere, ordena mantentzeko beti prest dituzte CNI eta Estatuko aparailu guztiak, eta behar dena eginen dute, ezein etikarik gabe, norbait askatasun aldarrikapenekin pasatzen bada. Hori ere bagenekien, baina, dena den, mila esker Pepe agerikoa dena hain garbi berresteagatik.