Klima aldaketa eta besamela

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2022ko aza. 14a, 13:05

Gaur goizean kroketak egitea bururatu zait. Dakizuenez, kroketa onak prestatzeko sekretua besamela ongi osatzean datza. Eta nik, sukaldari txarra naizenez, irina gutxiegi edo esne gehiegi bota diot, eta ore likido samarra atera zait; hoztu denean ez zegoela kroketa bat ere osatzeko modurik ikusi dut. 
 Interneten begiratu, lagunei aholku eskatu, eta mila moduz konpontzen saiatu naiz, baina ezin; azkenean, gaurkoan ez zegoela kroketak jaterik deliberatu dut. Arian nengoela, albiste bat eman dute irratian: bi neska gaztek patata purea bota diote Van Gog-en margolan bati klima-aldaketaren arazoaren aurrean nazioarteko pasibitatea salatzeko, eta bide batez, Egiptoko gailurraren fartsa ere bai. 
 Orduan piztu zait ideia, badakit zer irtenbide eman nire besamel masa zapuztuari: pote batean sartu eta Nafarroako Museoko San Adriango Markesaren margolanaren gainera botako dut. Purearekin gertatu bezala margolanak ez du kalterik jasoko baina ni, neska horiek bezala, puritanismo politiko guztiaren jomuga bihurtuko naizela seguru nago. Hala ere, niri bost. Ekintzak politika zuzenaren hipokresia nazkantea salatzeko eta korrontearen kontra doan gazteriaren alde kokatzeko balio badu, gaitz erdi!     

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!