Ene uste apalean errakuntza handia da Europako ekialdean gertatzen ari dena Ukraina eta Errusiaren arteko tokiko gerra bat bezala ikustea. Begi aurrekotik haratago begiratzeko gaitasun faltaren adierazpena baino ez.
Borroka hori munduko bi blokeen arteko talka itzelaren sintomarik agerikoena da, ez besterik. Agerikoena eta bortitzena orain artean, baina ez lehena, eta ez azkena, hain segur. Alta bada, argi erakusten du gaur egungo geopolitika fase berri batean sartu dela.
Estatu Batuen blokeak aitzakia bat behar zuen Txina-Errusia-India talde sortu berriaren indar ekonomiko-militarra geldiarazteko eta, dirudienez, Itsaso Beltza aldean aurkitu du. Ez dago argi lortuko duen ala ez, baina, mementuz, mundu mailan ezartzen ari den ekonomia egituratzeko arau berriak helburu horretara doazela gero eta argiago dago. Errusiak gerrarekin erantzun du, Txinak, bere aldetik, Shangaiko portuaren blokeoarekin, eta munduko multinazional handien ekoizpena geldiarazten ari da.
Bitartean, Europako bazter horretan, gerra basatiak darrai, ehundaka lagun hiltzera kondenatuz eta giza duintasuna lurretik zapalduz. Baldintza horietan, Eurovisionek lehen saria Ukrainari eman izanak txiste txar bat dirudi.